Nerea Ruiz Fuente Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Master bat du Euskal Herriko Unibertsitatean.
Gaur egunean, Nerea ekodiseinu-programen senior arduraduna da ECOSen, nazioarteko 49 gobernuz kanpoko ingurumen-erakundez osatuta dagoen eta egoitza Bruselan duen sare batean. ECOS normalizazioan espezializaturiko ingurumen-erakunde bakarra da, CEN, CENELEC, ISO eta IEC europar eta nazioarteko batzordeen kide da, eta hainbat esparrutako arauak, legeria teknikoa eta estrategia politikoak –hala nola klima-aldaketa, energia garbiko sistemak, materialen ekodiseinua eta efizientzia, ekonomia zirkularra eta abar– sortzeko ingurumen-interesen alde egiteko jomuga du. Gainera, Europako Batzordeko ekodiseinu eta etiketa energetikoari buruzko Kontsulta Foroaren kide ofizial ere bada ECOS; foro horretan gizarte zibilaren ordezkari gisa dihardu. Nereak, halaber, merkatuan Ekodiseinu eta Etiketatze Energetikoari buruzko erregelamenduak betearazteko eta betearazpen hori zaintzeko europar proiektu ugaritan ere parte hartzen du.
Alemanian eta Bilbon jaso zuen ekodiseinuaren alorreko prestakuntza, eta proiektu-teknikari gisa ere egin du lan hondakinen politikan, kontratazio publiko jasangarrian eta biosfera-erreserben kontserbaziorako programan, UNESCOrako.