Datorren ekainaren 30era arte, Basque Ecodesign Meeting-BEM 2020ren azken edizioan parte hartu ez zuten euskal enpresek beren produktua sartu ahal izango dute “Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte” katalogoan, Estatuan argitaratuko den ezaugarri horietako lehena.
Basque Ecodesign Meeting-BEM 2020ren azken edizioa Bilbon izan zen otsailaren 26tik 28ra bitartean. Bertan, erakusketa handi bat aurkeztu zen, 98 enpresaren 145 produktu baino gehiagorekin: “Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte” erakusketa”, hain zuzen ere.
Kongresuan sortutako interesa dela eta, Ihobek –kongresuaren idazkaritza teknikoak– ezohiko epe bat ireki du datorren ekainaren 30era arte, erakusketan parte hartzerik izan ez zuten baina beren produktua kongresutik abiatuta egingo den katalogoan sartu nahi duten euskal enpresa guztientzat.
Katalogoa mota horretako lehena da Estatuan, eta banakako fitxa teknikoetan bilduko ditu produktu bakoitzaren ezaugarriak eta alderdi nagusiak. Ekodiseinu-irizpideak aplikatu dituzten euskal erakundeen katalogo ofizial hori “Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte” erakusketaren izen berekoa izango da, eta formatu fisiko eta digitalean argitaratuko da, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioekin.
Era berean, ikusita nolako eskaria egon den eta enpresek nolako interesa erakutsi duten, Ihobek aukera aztertuko du erakusketa berri bat egiteko bildutako produktuekin 2021. urtean zehar lehen mailako kokapen batean, euskal produktuak sustatzeko tresna gisa.
“20 years of ECODESIGN made in EUSKADI” erakusketari buruzko zalantzak argitzeko edo hautagaitza inprimakia betetzeko jarraibideak jasotzeko, enpresek Ihobe sozietate publikoarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute helbide elektroniko hau erabiliz: expo.bem2020@ihobe.eus.